domingo, 9 de diciembre de 2018

Hura mauka, hura!!!!!!

Euskal Denda ixtear dago, hala ere, oraindik aukera eta denbora badago bizitatzeko. Arratsaldeko 20:00etan ateak zarratuko ditu, eta betiko izango ditu gogoan aurtengo arrakasta.
Aurreko urteetako ildoari jarraituz, Euskal Dendak Euskal Herriko lurralde guztietako ordezkariak ditu. Nahiz eta azoka esparruak muga fisikoak dituen, guztira 52 artisau dira, Arabatik, Bizkaitik, Gipuzkoatik, Lapurditik, Nafarroa Beheratik eta Nafarroatik etorritakoak. Bestalde, bertan diren firma askok lehen aldiz daude, 10 profesional batzen dira aurtengora; beraz, hori ere bada berrikuntza. Alegia, artisauetatik % 20k estreinakoz parte hartzen dute azoka honetan, kutxu freskoa eta eraldatzailea emanez.
Lurraldekako parte hartzea dela eta, Bizkaiak du ordezkari gehien, guztira 25 artisau. Gipuzkoatik bederatzi etorri dira, Arabatik zortzi eta Nafarroatik zazpi. Ipar Euskal Herritik lapurtar bat eta Nafarroa Beherako beste bat.
Sektorekako sailkapena egiten badugu, aurten, ehungintzak ditu ekoizle gehien, 9; bitxigintzak zortzi tailer. Halaber, aipatzekoa da nekazaritzako elikagaien sektorea, bere lekua egin baitu Euskal Dendan: sei aditu ditugu.
Omenaldia
Bigarren urtez jarraian, merkatu plazako beheko aldea, omenaldiak egiteko gune bilakatuko da. Aurten, Zuriñe Agirre hil berri den artisau gasteiztarraren lanak izango dira ikusgai; agur beroa egiteko.
Figura bitxiak egiten zituen Lur Keramikaren alma mater honek, euskal pertsonaia tipikoak irudikatzen dituztenak eta Gabonetako jaiotzan ipintzekoak, esaterako Olentzero eta Mari Domingi. Eraikitzen zituen eszenak xehetasunez beteak ziren, eta bere eskaparatea izan zitekeen Andre Maria Zuriaren plaza bete-beterik txupinazo egunean, Zeledon bertan zela, edo Iruñako Udaletxe plaza uztailaren 7an. Haren sormena geratu zaigu eta Euskal Dendan zabalduko da.
Gogoratu Euskal Denda dirauen bitartean, azoka-lekuan hainbat ekintza burutzen dira. Izan ere, bisitariak lehiaketetan parte hartzeko aukera ere badu. Ez ahaztu gaur arratsaldeko 20:00etan ateak zarratuko direla.
Ordutegia 11:00 – 14:30
                 16:30 – 20:00

No hay comentarios:

Publicar un comentario