Beste behin ere, Durango Uriko
merkatu plazak hartuko du sektorearen makro-erakusleiho hau,
artisauen munduko feriarik garrantzitsuena den hau. Aurtengoan,
bisitariek artisau berri asko ikusteko aukera izango dute; halaber,
ezin ditugu ahaztu gure lankide izan direnak, elkartean hutsunea utzi
dutenak, beraz, haiek gogoratzeko gune bat izango dugu. Abenduaren
bostetik bederatzira, bisitariek 52 erakusmahaietako artisauen
produkzioak izango dituzte gozagai. Gainera, erakustaldietan parte
hartu ahalko dute eskuzko lanbideak barru-barrutik ezagutzeko.
“Artea
loratzen” izango da hogeita hirugarren ediziorako aukeratu den
leloa; keinu bat gremioei, egiten dutena artisautza baino zerbait
gehiago dela irmo eusten dioten horiei, artisautza loratzen ari
direnei; izan ere, euren lana artea izaterainoko mailara eroaten
dute. XXI. mendeko artisauek apustua egin dute berrikuntzaren,
diseinuaren, iraunkortasunaren eta antzinako tekniken alde, eta
erabiltzen dituzten materialetan berrienak bilatzeari ekiten diote.
Apustu pertsonal eta profesionalei esker, euretako asko benetako
aitzindari bilakatu dira. Aipagarria da aurten parte hartuko duen
NUNA, Artisautzaren Sari Nazional bat eman baitiote.
Bestalde,
Euskal Dendak jadanik gure artean ez dauden kideak gogoratuko ditu.
Aurtengoan, maitasunez gogoratuko dugu Zuriñe Agirre, artisau
zeramikari zendu berria. Lur Keramikako alma matera, beraz, Euskal
Dendan izango da, erakusketa bat jarriko da bere lanekin merkatu
plazaren beheko gunean.
Hartara,
Euskal Denda topaleku saihestezina izango da artisautza bizirik
dagoen sektorea dela egiaztatzeko; horren adibidea da, Durangon,
lehen aldiz parte hartuko duten artisauen kopurua, % 20a. Argi
geratzen da sektorean belaunaldi berria datorrela eta erakundeen
aldetiko laguntza behar duela irakite bizian dabilen gremio honek.
No hay comentarios:
Publicar un comentario